Gure berri izateko, jo webgune berrira

2007/10/28

Iraileko kronika

IRAILA

Irailaren hasieran dantza saiorik ez genuen izan baina izan genituen ezkontzetako arkuak (dantzariok gutxien maite duguna). Fanfarrekoek egin zuten lan baina bakarka. Artikako jaietan dianak jotzen ibili ziren txistulariak larunbat goizean eta igandean fanfarre osoa aritu zen goizez kalejiran eta bazkalondoa alaitzen gero. Hilaren 9tik 11ra Katalunia aldera joan ginen bertako Xicots de Vilafrancak gonbidatuta. Ardanbera fanfarrearekin batera joan ginen eta gazteenek dantza berriak egiteko probestu genuen. Aukera izan genuen bai gure dantzak erakusteko eta baita gazteluak egiten ikasteko ere. Taldeko baten batek gustu izugarria hartu zion gazteluak egiteari!!

Handik bueltan Ikerren ezkontza izan genuen (oraingoz dantzari ohietan azkena). Hara Eguzki Ederrekoekin batera joan ginen, bere neskaren taldea. Eta ezkontzaren ondoren bazkaltzera geratu ez ginenak Monteagudoko dantzak errepasatzera joan ginen (ze pazientzia duen gurekin Erriberako mutil horrek!) Hurrengo bi astetan Monteagudoko dantzak ikasten eta errepasatzen (neskek ikasi eta mutilek errepasatu) ibili ginen dantzari egunerako.

San Fermin txikitan fanfarrekoak animatu ziren instrumentuekin kalera irtetera. Iruñeko alde zaharreko karriketan barna ibili ziren goizez. Eguerdian Euskal Jaiko bazkarian egon ziren Iruñeko bertze fanfarre eta kulturaren inguruko taldeekin batera, eta baita kanpotik etorritakoekin batera ere. Bazkalondoan beste fanfarreekin batera jotzen ibili ziren. Arratsaldez Oberena peñakoekin batera kalejira egin zuten eta gero afaltzera joan ziren haiekin. Afalondoan ere geratzen ziren indar apurrekin jotzen ibili ziren gaueko ordu txikitan. Eta leher eginda zeudenean parranda egitera joan ziren.

Hilaren 30ean Gazteiza joan ginen Nafarroako Basakaitz, Larratz eta Txori Zurirekin batera eta bertze herrialdeetako zenbait talderekin batera EDB-k antolatutako dantzari egunera. Goizez dantzatu, bertan bazkaldu eta arratsaldez udako azkenengo juerga egin genuen erromerian. Eskerrak eman behar dizkiegu Muthiko Alaiak eta Txori Zuriri arropa eta materiala uzteagatik egun horretarako.

Eta orain iritsi da garaia berriz ere neguko entsaioekin hasteko, datorren urterako prestatu beharko gara.

No hay comentarios: